XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ILLABETEEN IZENAK Aspaldidanik egiña zegoen eskea Euskaltzaindiari.

Illabeteen izenak finkatzeko eskea, alegia, gaur kontu ontan dagoen anarkia garaitzeko.

Izan ere, gure egutegi aldizkari ta abarri begiratu bat eman ezkero, zer ikusten dugu? Bospasei izen erabiltzen direla batzuetan illabete bera izendatzeko.

Ortik nahastea sortzen da, eta gero ez dakigu zein izen erabilli.

Eta okerrena dena, azkenean erderazko izena gelditzen da nagusi, bakarra baita.

Eta baten batek auxe galdetzen zuen: Zeiñek du orren errua? Hori erabakitzeko dagoen elkargoak.

Berak erabakitzen ez duen bitartean, anarkia hori ezin baita garaitu.

Ederki esan zuen Mitxelena jaunak: Oiñezkoak bidean ezkerretatik ala eskubitatik ibilli behar ote duten erabakitzeko, beharbada ez da aurkitzen funtsezko arrazoi garbirik; baiña behar beharrezkoa da denak esku batetik ibiltzea.

Eta orduan autoridadeak erabaki bat artzen du: Ibil bitez denak ezkerretatik.

Emen ere orrelako erabaki bat artu ezik, gaurko nahastea ezingo da garaitu.

Euskaltzaindiak enkuesta bat egin, eta eldu ziren iritziak bildu egin zituen.

Gero Batzorde bat izendatu zuen, Mitxelena eta Villasantez osatua, eta beroien esku utzi zuen izen lerrokada proposatzea.

Ots, Euskalerri guztian erabiltzeko zein diren izenik egokienak Batzorde orrek esan zezala.

Batzordea Donostian bildu zan, eta bi izenez, beste guztiak aukeratu zituen.

Beraz, bi izen utzi zituen aukeratu gabe: Junio eta Septiembrerenizenak alegia.

Bi illabete auetako bakoitzak ba ditu iru euskal izen gutxienez, edaduraz ta abar berdin xamarrak direnak.

Zein artu behar den esateko, ez zan agiri arrazoi garbirik.

Orregatik, oien izenak Euskaltzaindiak berak aukera zitzala esan zuen Batzordeak.

Eta alaxe, Urriko 31-n Donostian egindako batzarrean Euskaltzaindiak bi izenok aukeratu zituen: Ekaina Junioren izena bezala, eta Irailla, Septiembre izendatzeko.

Orra, bada, lerrokada osoa Batzordeak eta Euskaltzaindiak osatu duten bezala: Urtarrilla, Otsailla, Martxoa, Apirila, Maiatza, Ekaina, Uztailla, Abuztua, Irailla, Urria, Azaroa, Abendua.

Nolako kriterioa edo irizpidea artu duen gidari bezala Batzordeak aukeramena egiteko, bistan da.

Euskalerrian lur artuta dauden eta erro sakonak dituzten itzei laguntzea, oiei eltzea eta lotzea.

Auxe baita bidea izkuntza indartzeko eta behar den bidetik eramateko, Euskaltzaindiak berak euskal itzei buruz 1959-ko apirillaren 2-an emandako Agiriaren arauaz.

Izen auek gomendatzen zaizkie, bada, gure egutegi, aldizkari eta gaiñerako orrien Zuzendari eta Argitaratzailleei.

Beti izen auek erabilliaz (auek baitira errian zabalduen daudenak), batasuna egiña izango dugu kontu ontan.